XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina hel diezaiogun berriz Cheren abentura afrikarraren hariari. Dar es Salaamdik Kigoma portura (Tanganika lakuaren ertzean, Zaire eta Tanzaniaren arteko mugan) joan zen Guevara, berarekin Afrikara joateko aukeraturiko beste hamalau kubatarrak (gerora orotara 120 izango ziren) lagun zituela. Apirilaren 23ko gauean Kigomatik atera eta lakua zeharkatu zuten untzi kaskar batean. Hain kaskarra non Zairera heldu baino lehen hondoratu baitzen.

Gerrillariek igerian iritsi behar izan zuten Zaireko lurretara. Ordurako, Afrikako abentura haren ezaugarri nagusi izango zen antolaketa traketsaren ondorioak pairatzen ari ziren.

Behin Zairen, Askapenerako Herri Armadako kideekin elkartu ziren, haiek oihan erdian zeukaten kanpamentuan. Helburua entrenamendu base bat prestatzea zen. Ez zen lan erraza baina; Nasserrek jada iragarria zionez, kanpotik etorritako militanteak izaki, handia zen eurekiko mesfidantza. Hara bestela zer zioen Alexis izeneko gerrillari kongoarrak: "Ez geneukan formazio politikorik. Nik ezin nuen ulertu zelan etor zitekeen zuri bat beltzoi laguntzera, batez ere gure borroka zurien aurkakoa zenean. Jende askok oraindik ideia okerragoak zeuzkan.